NeskUP! proiektuaren aurkezpena

Proiektua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez sustatua, azken urteetan jorratzen ari den #STEAM Euskadi estrategiaren barruan dago.

Lanbide-heziketako ikastetxe publikoen sare IKASLANek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Lanbide-heziketako ikastetxeen sare abantean HETELek bultzatua, ekimenaren helburuak dira bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzea, genero-arrakala desagerraraztea eta LHko ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoen gainean sentsibilizatzea.

LHn gainditu gabeko irakasgaia industria eta teknologia-arloetan ia emakumerik eza da oraindik ere. STEAM zikloetan, andrazkoen presentzia % 24koa da, baina industria-sektorean % 12ra murrizten da.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, NeskUP! plazaratu da, abantean HETEL Lanbide Heziketa sareko ikastetxeak eta IKASLAN sareko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoak bildu dituen Euskadiko Lanbide Heziketak sortua. Guztira, hiru lurraldeetako ehun ikastetxe inguruk hartuko dute parte proiektu honetan.

Oraindik ere, ia ez dago emakumerik Euskadiko LH zientifiko eta teknologikoan, eta, desberdinkeria horrekin amaitzeko, prestakuntza-zentroek aurrerapauso bat egitea erabaki dute. Konpromiso irmo eta zehatza hartu dute STEAM lanbide-arloetan matrikulatutako emakumeen kopurua handitzera bideratutako ekintzak garatzeko. Ikastetxeek ikasturte bakoitzean hiru ekintza egingo dituzte bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko, genero-arrakala desagerrarazteko, LHko ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoei buruz sentsibilizatzeko, STEAM lanbide-alorretan LHko neska ikasleen talentua aitortzeko eta lanbide-orientazioa hobetzeko. Ekimena STEAM bokazioen sustapenaren alorrean erreferentziazko proiektu bihurtzeko asmoz jaio da.

WEB-ATARIA

Ekintza horiek agerikoagoak izan daitezen eta beste ikastetxe batzuk eta, oro har, gizartea inspiratu ahal izateko, www.neskup.eus ataria sortu da, neska gazteak ahalduntzeko eta STEAM genero-arrakala delakoarekin amaitzeko plataforma. Webgune berri honen bidez, halaber, ahotsa emango zaie beren lan-ibilbidea garatuko duten esparru profesionala hautatuz berdintasunaren alde borrokatzen hasiak diren neska ikasleei.

LEHIAKETA

Lanbide Heziketako ikastetxeek #NeskUP!2023 lehiaketa ere antolatu dute proiektuaren esparruan. Tik Tok plataformaren bidez, parte-hartzaileek hausnarketara gonbidatzeko eta STEAM lanbideak ikusarazten laguntzeko bideo bat aurkeztu beharko dute. Bakarka edo taldean parte har daiteke, ikastetxeen bitartez. Izena webgunean dagoen inprimakiaren bidez eman beharko da, martxoaren 8tik aurrera. Kategoria bakoitzeko irabazleen izenak, bai eta sari-banaketa noiz eta non izango den ere, maiatzaren 8tik aurrera argitaratuko dira webgunean.

KOPURUTAN

• Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 STEAM lanbideekin lotuta daude: elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; informatika eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; irudia eta soinua; elikadura-industriak; zura, altzariak eta kortxoa; kimika; eta garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak.

Emakumeen presentzia eta gizonena STEAM zikloetan ez da parekoa. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, are txikiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste, eta industria-alorretan % 12ra murrizten da. 2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handituko da.

• Ziklo hauek lan-aukera ugariago, soldata hobeak eta garapen profesional handiagoa eskaintzen badituzte ere, andrazkoen bokaziorik ezak genero-arrakala areagotzen duen arazoa izaten jarraitzen du.

WassUP lotuak